Errezilgo jaiak azaroaren 11n egiten dira San Martinen ohorez. Beste egun garrantzitsu batzuk abuztuaren 29aren -San Joan Bataiatzailearen martirioa- ondorengo lehen igandea eta hurrengo hiru igandeak dira. Egun hauetan Ernioko erromeriak egiten dira. Erromeria hau Gipuzkoako herri-tradiziorik errotuenetako eta koloretsuenetako bat da.
Ernion Gurutz Bidea edo Kalbario bidea egin ohi da eta inguruko herrietatik jende ugari etortzen da ohitura honekin bat egitera.
San Isidro eguna, Nekazarien Zaindaria. Errezilgo Erdoizta auzoan jaieguna izaten da eta bazkaria antolatzen da bertan, trikitixarekin erromeria txikia eginez.
San Antonio Eguna: Errezilgo Jaiak ospatzen dira 3 edo 4 egunetan. Urte batzuetan herriko Ganadu Feria ere antolatu izan da jaiegun hauetan.
Ernion erromeri festa. Zelatungo magalean ikaragarrizko jendetza bildu ohi da Ernio mendira igotzeko eta ondoren eguna Zelatunen igarotzeko, trikitixaz alaiturik, bertako tabernetan janaz edo bakoitzak eramandako bazkariez gozatuz. Merezi du, eguraldi ona eginez gero.
Domingo Erkizia Santuaren eguna. Errezilgo Bildain baserrian jaiotako santua denez, egun horretan meza egin ohi da bere omenez, eta ondoren, hamaiketako herrikoia antolatzen da.
Domingo Erkiziaren ospakizunekin jarraituz eta antzinako ohitura berreskuratuz, Idi Demak antolatzen ditu herriko "Gazte Taldeak"; lau edo bost egunetan zehar, gauero, jende ugari biltzen da herriko dema-plazan.
San Martin eguna, herriko Zaindaria. Errezilgo jai ofizialak ospatzen dira 3 edo 4 egunetan. Udazkena izanik, azoka herrikoia ere antolatzen da jai hauetan, eta baserritar ugarik parte hartzen du etxeko produktuak salgai jarriz.
Errege-Sagarra edo Errezil-Sagarraren Eguna ospatzen da eta herritarren azoka egin ohi da goiz osoan; bertan, Errezil-Sagarra eta bere deribatuak (postreak, sagardoa, etab.) saltzen dira. Azokaz gain, sagardoa eta sagarrondoen txertaketak egiten ikas daiteke, besteak beste. Izan ere, urtero gai ezberdinak jorratzen eta erakusten saiatzen dira antolatzaileak. Egun polita izan ohi da. Azoka hau "Errezilgo Azoka" emakume taldeak antolatzen du.